Gamegunek Estatuko bideo-jokalari onenak bilduko ditu Gasteizen azaroaren 16 eta 17 bitartean

Gamegunek Estatuko bideo-jokalari onenak bilduko ditu Gasteizen azaroaren 16 eta 17 bitartean

--

  • Euskadiko eSport lehiaketa beteranoenak muntaia ikusgarria eta lau bideo-jokoren final zirraragarriak eramango ditu Europa kongresu-jauregira: FIFA19, Clash Royale, Hearthstone eta CSGO jokoen finalak

  • Nazioarteko eta Estatuko lehen mailako jokalari profesionalek hartuko dute parte lau kanporaketetan

  • Finalistak gonbidatuak izan dira txapelketan parte hartzera eta Gameguneko 18. edizioko lau jokoetan garaile irten zirenek sailkapen zuzena eskuratuko dute

Gamegune, Euskaltel Konekta Fundazioak antolaturiko Euskadiko eSport lehiaketa beteranoena, azaroaren 16 eta 17 bitartean burutuko da Gasteizko Europa kongresu-jauregian. Txapelketaren 19. edizioa eszenatoki ikusgarrian burutuko da ostiralean eta larunbatean, eta honako lau bideo-jokoen azken faseak jokatuko dira bertan: Hearthstone, FIFA18, Clash Royale eta CSGO. Guztira, Gamegune 19ak 32.000 euro banatuko ditu saritan.

Nazioarteko eta Estatuko lehen mailako jokalari profesionalek hartuko dute parte lau kanporaketetan. Sarrera doakoa izango da eta giro ikusgarria aurreikusten da partiden erakargarritasunarengatik, eszenografia zainduarengatik, baita bideo-joko esatarien zuzeneko parte-hartzeagatik ere. Gainera, lehiaketa are ikusgarriagoa egingo dute pantaila erraldoiek.

Azken Euskal Encounterren jokatu ziren Gamegune 18ko lau final zirraragarrien ostean, formatua aldatzearen aldeko apustua egin da: finalistak gonbidatuak izan dira txapelketan parte hartzera eta Gameguneko 18. edizioko lau jokoetan garaile irten zirenek sailkapen zuzena eskuratu dute. Modu horretan, aldaketa estrategikoa burutu da: azken urteotan Gamegunek Hearthstone bideo-jokoan munduko jokalari onenak ekarri izan ditu bi eguneko txapelketan lehiatzera. Pasa den maiatzean, ordea, antolatzaileek bideo-joko gehiagori lekua egitea erabaki zuten, maila guztietako jokalariei parte hartzeko aukera emateko urtean zehar burutu diren partidetan.

Gainera, 19. edizioan ordutegia jarraitua izango da. Ostiralean, azaroaren 16an, FIFA19 eta Clash Royale jokoen kanporaketak eta finalak jokatuko dira, eta hurrengo egunean, Hearthstonen finalaurrekoak eta finala, eta CS:GO bideo-jokoaren finala. Azken bi joko horien kanporaketak pasa den astean burutu ziren lehiaketa bizkortzeko helburuarekin. Horri esker, maila goreneko lau final ikusgarri biziko dira bi egunetan zehar.

Gameguneren ibilbidea

Gamegune 2003an jaio zen bideo-jokoen nazioarteko txapelketa gisa, Euskal Encounter partyaren barne. 16 urtez burutu den egitasmoa indarra hartzen joan da bideo-jokalarien munduan erreferentziazko bilkura bilakatu arte (Gameguneren bi edizio Mexikon burutu dira). Estatuko lan party batean ospatutako lehen bideo-joko lehiaketa izan zen bere garaian eta ‘Counter Strike’, ‘Unreal Tournament’, ‘Warcraft 3’, ‘Quake III Arena’, ‘Call of Duty’, ‘League of Legends’ eta ‘HearthStone’ jokoen munduko gamer onenek hartu dute parte urteetan zehar. ‘Counter Strike’ izan zen jokorik nabarmenena 2014ra arte, nazioartean ospetsu diren Fnatic, Ninjas in Pyjamas, virtus.pro eta Team Dignita taldeen parte-hartzearekin.

2014an, Gamegune Euskal Encounterretik atera zen, lehiaketaren arrakastak eta jarraitzaile kopuru handiak bultzatuta, izaera propioa eskuratzeko helburuarekin. Bilbon bi urtez burutu zen, Euskalduna Jauregian eta Guggenheim Museoan, eta Donostiako Kursaalera eta Tabakalerara lekualdatu zen ondoren.

Azken urteotan ‘Hearthstone’ jokoaren inguruan gauzatu diren txapelketetan, ‘BlizzCon’ lehiaketan irabazle izan diren bi nazioarteko jokalarik hartu dute parte, Firebat-ek (2015) eta Pavel-ek (2016), eta munduko 15 gamer onenak ere bertan izan dira.