Emozio handiko bi egun eta lau txapelketa eskaini ditu gaur amaituko den Gamegune 19 bideo-joko txapelketak

Emozio handiko bi egun eta lau txapelketa eskaini ditu gaur amaituko den Gamegune 19 bideo-joko txapelketak

* Antolatzaileak pozik agertu dira Gasteizko Europa kongresu-jauregian Estatuko kirol elektronikoetako jokalari onenak bildu dituen lehiaketaren garapenarekin

* Atzo jokatu zen FIFA19 txapelketa izugarri berdindua egon zen eta maila oso altuko norgehiagokak izan zituen. Azkenik, David Sorianok eskuratu zuen 2.000 euroko saria, 16 urteko Alejandro Hidalgo gaztearen aurka jokatutako finalean, penaltien errondan

* Clash Royale karta-joko ospetsuaren finalean, ordea, 16 urteko Mario Fierrok aise irabazi zion, 3-0 markarekin, Michael Pino aurkariari

* Gaur goizean nazioartean 30 milioi jokalari dituen Hearthstone karta-jokoaren finalaurrekoak eta finala jokatu dira. Arratsaldean CS:GO-ren txanda iritsi da, Gamegunen taldeka jokatzen den lehiaketa bakarrarena, hain zuzen

Gamegune, Euskaltel Konekta Fundazioak antolaturiko esports txapelketa, gaur amaituko da azken bideo-jokoaren final handiarekin, emozioz jositako bi egunen ostean. Antolatzaileak pozik agertu dira Gasteizko Europa kongresu-jauregian Estatuko esport jokalari onenak bildu dituen eta 32.000 euro banatu dituen lehiaketaren garapenarekin.

Bideo-jokoen estilora girotutako eszenatokian, bideo-joko esatariek Gamegunen burututako aurrez aurrekoak zuzenean aztertu dituzte. Gainera, ikusleek pantaila erraldoian jarraitu ahal izan dituzte emozioz beteriko partidak, eta cosplayerrek ikusgarritasuna gehitu diote hitzorduari. Horrez gain, bertaratzeko aukera izan ez duten zaleek streaming bidez ikusi ahal izan dituzte norgehiagokak.

Atzoko jardunaldia errealismo handiko FIFA19 futbol jokoarekin hasi zen. Partidak oso berdinduak egon ziren hasieratik eta behin baino gehiagotan penaltietara iritsi ziren gamerrak. Jokoaren zaleek kalitate izugarriko norgehiagokez gozatu zuten, baita lehia handiko finalaz ere. Azkenik, hiru aldiz Estatuko FIFA jokalari onenaren izendapena jaso duen David Sorianok eskuratu zuen 2.000 euroko saria, 16 urteko Alejandro Hidalgo gaztearen aurka jokatutako finalean, penaltien errondan.

Bestalde, 16 urteko Mario Fierro jokalaria aise nagusitu zen atzo arratsaldean maila handiko zortzi jokalari aurrez aurre ipini zituen Clash Royale jokoaren finalean. 2016 urtean sortutako online karta-jokoak jarraitzaile asko ditu nerabeen artean. Zentzu horretan, Gameguneko lau jokalari adingabeak dira; horien artean, Mario Fierroren aurka finala jokatu eta 3-0 galdu zuen Michael Pino.

Atzoko bi txapelketen ondoren, gaur goizean nazioartean 30 milioi jokalari dituen Hearthstone karta-jokoaren finalaurrekoak eta finala jokatu dira. Joan den asteburuko final-laurdenen ostean, lau gamer izan ditugu goizeko aurrez aurrekoetan. Azkenik, ‘Urahai’ ezizenez ezaguna den Ignacio Enrique Cuesta gailendu da (3-1) aurkari eta lagun duen ‘Mircan’ Pedro Javaloyren aurka. Gainontzeko partidetan bezala, laguntasuna eta giro ona izan dira nagusi joko guztietan.

Lehen pertsonan jokatzen den CS:GO tiro-jokoaren final handia gaur arratsaldean jokatzen ari da. Team Queso eta Wild Gaming Club taldeek Gamegunen txapeldun izateko eta 15.000 euroko saria elkarren artean banatzeko lehiatzen ari dira oraintxe. Bukatzear dagoen finalak amaiera bikaina emango dio Estatuko bideo-joko txapelketa zaharrena den Gameguneri.