Estatuko gamer onenak aurrez aurre jarriko dituen Gamegune 19 abian da

Estatuko gamer onenak aurrez aurre jarriko dituen Gamegune 19 abian da

* Gasteizko Europa kongresu-jauregiak nazioartean izugarri famatuak eta jokatuak diren lau bideo-jokoren txapelketak hartuko ditu gaur eta bihar: FIFA19, Clash Royale, Hearthstone eta CS:GO

* Bertaratzen direnek goi-mailako hogeita hamar gamerrek emango duten ikuskizunaz gozatu ahalko dute. Izan ere, 32.000 euro banatuko dira saritan

* Euskaltel Taldeko Komunikazio Korporatiboko eta Kanpo Harremanetako zuzendari Aitor Markaidak azpimarratu du “jokalarien mailan dagoen txapelketa” eskaintzeko asmoa duela euskal konpainiak, “Estatuko gamer nabarmenenek” hartuko baitute parte aurtengo Gamegunen

* SPRI Taldeko BIC Araba enpresako zuzendari David Monterok eta Gasteizko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorreko zinegotzi Nerea Melgosak bat egin dute ekitaldi honen atzean industria handia dagoela nabarmentzerakoan; instituzioen laguntza jaso beharko lukeen industria

Gamegune, Euskaltel Fundazioak antolaturiko Estatuko eSports txapelketa beteranoena, gaur arratsaldean abiatu da Gasteizko Europa kongresu-jauregian jokalarien eta instituzioetako ordezkarien parte-hartzearekin. Gaur eta bihar nazioartean izugarri famatuak eta jokatuak diren lau bideo-jokoren txapelketak jokatuko dira bertan: FIFA19, Clash Royale, Hearthstone eta CS:GO.

Euskaltel Taldeko Komunikazio Korporatiboko eta Kanpo Harremanetako zuzendari Aitor Markaidak azpimarratu du “jokalarien mailan dagoen txapelketa” eskaintzeko asmoa duela euskal konpainiak, “Estatuko gamer nabarmenenek” hartuko baitute parte aurtengo Gamegunen. Topaketak eskainitako jarduerek 10 gigako konexio simetrikoa izango dutela gaineratu du Markaidak eta Gameguneren 19. edizioa laudatuz amaitu du: “Hasieran bideo-jokoen aldeko apustua izan zena industria bilakatu da jada, eta baita bizimodu ere”, gaineratu du.

Bestalde, SPRI Taldeko BIC Araba enpresako zuzendari David Monterok BIC Arabak eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntzarekin duten konpromisoa berretsi du, eta “hemen berrikuntza arnasten da”, nabarmendu du. Azkenik, Euskadik hazten ari den bideo-jokoen industria duela adierazi du Monterok, instituzioen aldetik bultzatzen eta indartzen ari diren sektorea.

Bukatzeko, Gasteizko Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomiko Iraunkorreko zinegotzi Nerea Melgosak bat egin du Monterorekin Gameguneren gisako ekimenen atzean industria handia dagoela azpimarratzerakoan. Horrez gain, Udalak Gasteiz bideo-jokoen topaleku gisa indartzeko helburua duela onartu du zinegotziak.

Monterok eta Melgosak eskerrak eman dizkiote Euskaltel Konekta Fundazioari Gamegune antolatzeagatik. Euskaltelen, Gasteizko Udalaren eta SPRI Taldearen laguntza ere badu ekimenak.

Erakargarritasun ugari

Eszenografia zaindua, pantaila erraldoia, zuzeneko esatariak eta jokoetako pertsonaien antzera jantzitako cosplayerrak eskainiko ditu joko elektronikoen topaketa honek. Interesa duten guztiak gonbidatuak daude Europa Jauregira bertaratzera, partidak zuzenean jarraitu ahal izateko, doan. Horrez gain, gerturatu ezin dutenek ere streaming bidez ikusi ahal izango dituzte norgehiagokak Gameguneren Twitch-eko kanalaren bitartez.

Gamegunen lehiatuko diren 30 gamer profesionalek eskainiko duten ikuskizunaz gozatzeko aukera edukiko dute bertaratuek. Bi jardunaldiak tentsioz eta adrenalinaz beterik egongo dira eta garaileek sari ederrak eramango dituzte. Izan ere, 32.000 euro banatuko ditu Gamegune txapelketak saritan.

Euskal Encounter bilkura erraldoian jokatutako Gamegune 18ko irabazleak zuzenean klasifikatu dira 19. edizioko azken errondetarako, eta gainerako jokalariak antolakuntzak gonbidatuta etorri dira.

Partiden ordutegia

Arratsalde honetan, 16:00etatik aurrera, futboleko joko ezagunenaren, FIFA19-ren, kanporaketak eta finalak jokatuko dira. Ostera, 18:30etik Aurrera, kartetan eta estrategian oinarritutako Clash Royale jokoaren kanporaketak eta finala burutuko dira. Joko horrek arrakasta handia lortu du mundu osoan 2016an aurkeztu zutenetik. Bihar larunbata, 10:00etatik 14:00etara, munduan 30 milioi jokalari dituen Hearthstone jokoko finalaurrekoak eta finala gauzatuko dira. Eta 16:00etatik aurrera, CS:GO finalean lehiatuko dira Team Queso eta Wild Gaming Club taldeak.